Você está na página 1de 14

Gu ere bertsotan izeneko programa Nafarroako Lehen Hezkuntzan: onurak eta erronkak

hizkuntzaren jabekuntzari begira




Asier Barandiaran Amarika
Euskal Herriko Unibertsitatea Universidad del Pas Vasco









Resumen/ Laburpena: Nafarroan, Euskal Autonomia Erkidegoan bezala, Lehen Hezkuntzako
irakaskuntza sisteman bertsolaritzaren generoa ahozko literaturaren generotzat hartua izan dena
presente dago curriculumean eta horrek ondorio batzuk ditu H1 eta H2ren jabetze-prozesuan; Lehen
Hezkuntzako haurrak, bertsolaritzaren bitartez, harremanetan jartzen dira zenbait ahozko
ekoizpenekin, belaunaldiz belaunaldi transmititu diren zenbait istorio, esamolde eta gaiekin.
Horrezaz gainera, bertsolaritzari esker, haurrek hizkuntzarekin jolasteko aukera dute, berbaldiak
modu ludikoan eraikitzeko esparrua dute. Nire ikerketak aztertu nahi du zer nolako ondorio(
positibo)ak dituen gertaera honek haurren hizkuntzaren jabekuntzan, eta beraien ahozko
adierazpenetan. Horretarako, erabiltzen dituzten materialak eta tresnak arakatzeaz gain, lehenengo
eta behin, bertsolaritza eskoletan inplementatzen ari diren irakasleei elkarrizketa batzuk egin eta
elkarrizketok aztertuko ditut. Elkarrizketotan bereziki kontuan hartuko da irakasleek eurek nola
ikusten duten haurren ahozko zein idatzizko adierazpenaren garapena.Hau da, irakasle hauen
hizkuntzarekiko helburuak zertan diren eta helburu horiek nola betetzen diren agertzen saiatuko naiz,
betiere irakaslearen behaketaren ikuspuntutik. Hurrengo fase baterako oinarria izan daiteke; izan ere,
hurrengo fasean ikaslearen beraren ikuspegia aztertzen saiatuko bainaiz.



1. Markoa zedarritu nahian

Sarrera

Komunikazio hau hizkuntza batean zein bestean aurkezteak badu ondoriorik. Euskaraz egiteko
baimena dugu eta, beraz, horrek esan nahi du entzule euskaldunen bat izanen dela aurkezpen
honetan. Euskalduna baldin bada euskal kulturaren berri izango du eta ziurrenera bertsolaritzaren
berri ere izanen du. Hizkuntza honetako hiztunok informazio handia konpartitzen dugu euskal
hizkuntzak ez direnek ezagutzen ez dutena. Gazteleraz aurkeztu izan banu komunikazioa azalpen
luze eta zehatzak eman beharko nituzke euskal kultura, hizkuntza, soziologia eta, tartean,
bertsolaritzari buruz, eta ziurrenera bat baino gehiago harrituko litzateke geografiaz hain gertu duen,
baina kulturaz hain ezberdina den errealitate batekin; baina hori ez da gaur gertatuko, komunikazio
hau euskaraz aurkezteko aukera eman zaidalako
1
.
Bertsolaritzari buruzko sarrera saltatu egin dudanez, gutxienez lau hitz esan beharko nituzke
komunikazio honekin zerikusia duen ekimen batekin. Bertsolaritza garai batean ahoz transmititzen
bazen ere, XX. mendean zehar bertso-eskola
2
delakoa sortu zen eta hari esker lehen intuizioz eta,
sarritan norberaren dedukzioz ikasten zena, modu metodologiko batez transmititzen hasi zen
bertsolaritzaren artea. Haurrentzat bertsolaritza hainbat urtetan bertso-eskolak eskolaz kanpoko
jarduerak izan ohi dira, haurraren borondateak edota gurasoen zaletasunak bultzatuta eta
ahalbidetuta. XX. mendearen azkeneko urteetan (Nafarroan zehazki 1999an), bertsolaritza hezkuntza
arautuan hasi zen muturra sartzen; esan nahi baita, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren
Hezkuntzan programa batzuei esker bertsolaritzak izan zuen presentzia curriculumean eta hezkuntza
arautuaren ordutegian. Horixe azaldu nahi dugu lehenengo eta behin.

1.a) Zertan den Gu ere bertsotan Nafarroan eta Euskal Herrian

1
Duela hogei urte, 1993an dagoeneko SIADECO enpresak bertsolaritzaren azterketa serio bat egin zuen jada. Bertan
esaten zen euskaldunen %15 oso bertsozaleak zirela, %35ek bertsozaletzat zeukaten beren burua eta beste %28k
nolabaiteko zaletasuna adierazten zuten. Guztiak batuta %78a egiten dute. Esan beharra dago honetaz dugun ikerketa
serio bakarra bertsolaritzaren gailurreko boladan egin zela, eta datuak apalduak izango direla urte batzuk geroago, baina
bertsolaritzak gizartean duen isla eta onarpenaren erreferentzia bezala balio diezaguke, Garzia 2001.36-37. Datu honek,
aspaldikoa den arren, zertzelada garbia ematen digu euskal hiztunen komunitatean bertsolaritzak duen ezagutzarena.
2
Aurreneko bertso-eskola, modu formalean behintzat, 1959an sortu zen Bizkaiko Muxika herrian. Enbeitatarrek sortu
zuten eta gerora etorriko ziren beste bertso-eskolen aitzindaria izan zen, era metodologiko batean bertsolaritzaren artea
zenbait ariketa eta lanketaren bidez jorratzen orduantxe hasi zirelako. Garriko bertso-eskola (1959/1960) izeneko
liburuan kontatzen dira gora behera horiek guztiak (ALDANA 2000).
Nafarroan Hezkuntza Saila adostasun batera ailegatu zen Nafarroako Bertsozale Elkartearekin
eta horren bidez, hasieran 6 orduko ikastaroak hasi ziren ematen (asteguneko eskola barruan eta
gerora ikastaro horiek 30 ordukoak izatera pasatu ziren, bereziki Lehen Hezkuntzako 5 eta 6 mailan,
10, 11 eta 12 urteko haurrak, beraz
3
. Nafarroaren kasuan hori bereziki sare publikoko D eredua
jorratzen zuten zenbait zentrotan gertatu zen. Duela urte gutxitik hona, hezkuntzan izan diren
murrizketak direla-eta, 30 orduko saioak 15 ordukoak izatera pasatu dira, baina horrek ekarri du
ikastetxe gehiagotara hedatu ahal izatea. 2012-2013 ikasturtean Nafarroa osoan 1500 ikasle inguru
zeuden programa honetan eta Iruerrian (Iruea, Antsoain, Huarte, Baraain, Zizur, Atarrabia,
Berriozar, Burlata... ) 700 ikasle inguru. D ereduko ikastetxe publikoak izaten dira eta Iruerriaren
kasuan ikastola kontzertatu bakar bat ere programa honen barruan dago: Paz de Ziganda ikastola,
hain zuzen. Iruerritik kanpora Baztan-Bidasoakoak, Leitzakoak, Larraungoak eta Sakanakoak ere
barneratzen dira programa honetan
4
. Hau guztia hitzarmen baten ondorioz lortu da Nafarroako
Hezkuntza Sailaren eta Bertsozale Elkartearen artean, baina hitzarmen horrek badu baldintza berezi
bat:

Hala, Nafarroako Gobernuarekin egindako hitzarmenak zati batean soilik estaltzen ditu
beharrak. Gainerakoa udalek osatu behar izaten dute. Horren ondorioz, ikastetxeetako eskariak
erraz gainditu du hitzarmenak eskainitako ikastalde kopurua, eta egitasmoa hedatzeko muga
ekonomikoak dituzte. Hitzarmenak, gainera, ikastetxe publikoak soilik hartzen ditu kontuan.
5


Euskal Herri osoko panorama, berriz, izugarri handia da Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak
bere web-orrian adierazten duenez:

2012-13 ikasturtean ere Euskal Herriko haur eta gaztetxo askok aukera izango dute
bertsolaritza eskola orduetan lantzeko. Hain zuzen ere, ikasturte honetan 20.532 haur eta
gaztetxok landuko dute bertsolaritza ikastetxeetan. Osotara, Euskal Herriko 382 ikastetxek
hartuko dute parte programan eta 35 irakasle ari dira zeregin horretan lanean.
6



3
Xabier Terreros, bertsolaritzaren irakasleetako baten esanetan, adin horretan haurrek (baita euskara bigarren
hizkuntzatzat dutenek ere) gutxineko euskara maila dute, eta baita bertsotan aritzeko gutxieneko abstrakzio maila.
4
Nafarroako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea den Lorea Arburuak emandako datuak dira (Arb/IX/2009).
5
http://www.hikhasi.com/artikulua/2029
6
http://www.hikhasi.com/artikulua/2029
Euskal Autonomia Erkidegoan eta Iparraldean
7
, beraz, 19.000 ikasle inguru ibili ziren 2012-
2013 ikasturtean Nafarroan ere jorratu zen Gu ere bertsotan delako programan. Kopuru askoz
handiagoa, besteak beste, hango populazioa askoz handiagoa delako eta hango Hezkuntza Sailean
sentiberatasun gehiago erakutsi delako euskara bidezko irakaskuntza eta jarduerekiko. Bertsozale
elkarteak berak, curriculuma lantzeaz gain, ikasmaterialak ere ekoitzi zituen eta 2010-2011
ikasturtean Eusko J aurlaritzaren Hezkuntza Sailak sari bat eman zion bertsozale elkarteari orduko
ikasmaterial onena zela aitortuz
8
.

1.b) Zertan den mota honetako ikerketa beste lurralderen batean
Antzeko generoek zer nolako eragina duten haurraren hizkuntzaren jabekuntzan aztertu ote den
galdetzerik badago. Nik soil-soilik adibide bat eman nahi nuke; adibide adierazgarria izan ere. Albert
Casals Ibez katalanak biziki lan ona argitaratu zuen 2009an: La cano amb text improvisat
(Universitat Autnoma de Barcelona, 2009). Etnomusikologia hartu nahi izan zuen kontuan bere
azterketan (musikaren didaktikarekin batera), baina baita kantu inprobisatuak duen funtzioa ere
(haurraren hizkuntzaren jabekuntzan). Etnomusikologiari gagozkiola, ez dugu lan honetan deus ere
garatuko, ez baita gure esparrukoa horri ekitea.
Kantu inprobisatua, berriz, oso kontuan hartuko dugu; izan ere, horixe da Gu ere bertsotan
delako programaren helburuetako bat.
Kantu inprobisaturako hona Casals-ek ematen duen definizioa:
[] aquelles canons darrel tradicional que es basen en unes melodies sobre les qual
simprovisen textos.
9

Eta bertsolaritzan ere, doinu (eta beraz, neurri) batzuen gainean testuak inprobisatzea da gakoa,
hori guztia jarduera komunikatibo baten baitan burutua.
Geroago, egile berak, kantu inprobisatu tradizionala definitzen du:
La can improvisada tradicional s un procs artstic i comunicatiu complet (de la percepci
a la reacci del pblic) i interactiu basat en un conjunt indissociable de llenguatges (musical,
lingistic i gestual/ corporal), que queda sintetiza ten un moment i en un context temporal,
espacial i social que li dna sentit.
10


7
Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, Seaskako ikastola guztietan eskaini da Gu ere bertsotan, Ikastolen
Elkartearekin duten akordioari esker. Eskola elebidunetan, berriz, 5 orduko ikastaldiak eskaini dira herri-elkargoen
bidez., http://www.hikhasi.com/artikulua/2029
8
http://www.hikhasi.com/artikulua/2029
9
CASALS 2009:87.
10
Ibdem 93.
Bertsoaren bat-batekotasuna eta performance alderdia adierazteko balio duen definizioa da
arestikoa. Horregatik guztiagatik ikusten da interesgarria litzatekeela nolabait erkatzea Alberts
Casalsek egindako ikerketa zabala Euskal Herrian egin daitekeenarekin. Hori eginkizun dago une
honetan baina agian lan hau aurreneko pausoa izan liteke, pauso txikia bada ere.

1.c) Curriculuma? Hizkuntza jarduerak?
Nafarroako hezkuntza sisteman, sare publikoan, aurreikusita dago bertsolaritza eskolan
delako programa presente egotea ikasleen curriculumean. Hona hemen Nafarroako Hezkuntza sailak
egiten duen deskripzio laburra programarena:
Helburua da euskararen ikaskuntza komunikatiboa indartu eta hobetzea, ahozkotasunaren eta
bertsolaritzaren bitartez. Eskola orduetan egiten da.
Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6.
mailetako ikasleei zuzenduta dago.
11

Izan ere Nafarroaren esparruak 24/2007 foru dekretua
12
da Lehen Hezkuntzako
irakaskuntzarako curriculuma ezartzen duena. Lehen Hezkuntzaren hirugarren zikloan, hain zuzen
Gu ere bertsotan delako programa garatzen den zikloan, irakurtzea eta idaztea lantzen diren
arloetan aipatzen da bertako literatura eta produkzioak ezagutzea eta atal horren barruan bertsoak
ezagutzea proposatzen da (foru dekretuan, esan nahi baita) jarduera bezala. Sormenari lotuta ere
Lehen Hezkuntzan bertsoak sortzea aurreikusten da:
Asmo literarioko testuak sortzea, adinerako egokiak (olerkiak, elkarrizketak, ipuinak,
bertsoak...), hizkuntzaren adierazpen aukerak arakatuz, horretarako ereduzko testuak behatuz
eta analizatuz (irakasleak narraturiko istorioak edo ipuinak) eta irudimena eta sormena pizten
dituzten baliabide eta jolasez baliatuz.
Bestalde euskal
13
curriculuma aipatzen du Bertsolaritzaren Curriculuma delako lanak eta
honako gaitasun edo konpetentzia orokorrak aipatzen ditu:
pentsatzen eta ikasten ikasi
komunikatzen ikasi
elkarrekin bizitzen ikasi
norbera izaten ikasi
egiten eta ekiten ikasi
14


11
http://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/promocion-y-didactica-de-la-lengua-vasca
12
http://www.navarra.es/home_eu/Navarra/Derecho+navarro/lexnavarra/IndicesPorDepartamentos/Educacion/Ensenanza
s/Ensenanza+Primaria/DF242007-04.htm
13
Euskal Autonomia Erkidegoko curriculumari egiten dio erreferentzia.
Nafarroako foru dekretuan, berriz, Europar Batasunaren eremuan proposatu diren 8 oinarrizko
gaitasunak aipatu eta azaltzen dira:
1.-Hizkuntza bidez komunikatzeko gaitasuna.
2.-Matematikarako gaitasuna.
3.-Mundu fisikoa ezagutzeko eta harekin elkarreraginean aritzeko gaitasuna.
4.-Informazioaren tratamendua eta gaitasun digitala.
5.-Gaitasun soziala eta herritartasuna.
6.-Arte eta kultur gaitasuna.
7.-Ikasten ikasteko gaitasuna.
8.-Autonomia eta ekimen pertsonala.
J akina, Bertsozale elkarteak argitaratutako Bertsolaritzaren Curriculuman euskal
curriculuma hartzen du kontuan eta haren oinarrizko konpetentziak lau arlo zientifikoko ekarpenekin
lotzen dituzte bertsolaritzaren ekarpenak hobeto azaltzeko asmoz:


2. Elkarrizketak
Elkarrizketatuak hiru izan dira, nahiz eta hasierako asmoa lau pertsona elkarrizketatzea espero
nuen. Hona hemen elkarrizketatua:
Estitxu Arozena, Lesakarra, bertsolaria eta bertso-eskoletako irakaslea
Xabier Terreros, Lesakarra, bertsolaria eta bertso-eskoletako irakaslea
Lorea Arburua, Elizondotarra, Nafarroako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea
Aurrerantzean elkarrizktatzeko zain:
J osema Leitza, Arbizuarra, bertsolaria eta bertso-eskoletako irakaslea

14
HHEE 2008:14

2.a ) Metodologia
Elkarrizketak egiterakoan arreta eskaini nahi izan diot irakasleek darabilten metodologiari.
Izan ere, Bertsozale Elkartearen dokumentuetan oso ongi zehaztuta dago erabilitako metodologia,
baina taldearen ezaugarrien arabera eta norberaren estiloaren arabera irakasle bakoitzak hartzen ditu
bere erabakiak estrategiei eta baliabideei dagokienez.
Oro har, metodologia parte hartzailea eta sortzailea aipatzen da. Egia da, programaren
hasieran bertsolaritzaren kontzeptu orokorren inguruan lanketa bat egiten dela. Gu ere bertsotan 1
liburuak eskaintzen ditu hasieran nolabaiteko jarduerak. Baina elkarrizketatuek kantuaren bidezko
hasierako kontaktua aipatzen dute. Estitxu Arozenak, zehazten du aurreneko saioan jada puntu bat
osatzen dutela:
Nik uste dut metodologia parte hartzaile hori dela gure arrakastaren, kakotxen artean,
arrakastaren gakoa.
Ni pertsonalki lehendabiziko klasetik hasten naiz puntu bat sortzen. Edo hitz bat arbelean jarri
edo hainbat hitz jarri arbelean, ja puntu bat sortzen, zazpi-sei silabako puntu bat sortzen zazpi-
sei kontatu gabe, doinua ikasi eta hasteko. (Aro/13/IX)

15


Aipatzen da, baita ere, kantua dela bertsoarekin haurrek duten lehenengo kontaktua.
Bertsolaritza kantuaren bidez aurkezten zaio haurrari; izan ere, kasu batzuetan ez dakite bertso bat
zer den edo ez dute bertsolaritzaren kontzientzia. Kantuak, gainera, ahalbidetzen dio haurrari berak
txikitan ikasitako zenbait abesti bertsoak ere bazirela, neurri jakin bateko ahapaldiak zirelako, errima
zutelako eta bertsolaritzaren doinuekin kantatzen zirelako:
Niri iduritzen zait kantua dela ardatzetako bat, ta hemen Iruerrian agian gehiago, ikasle
askok, gehienek hemen ez dakite zer den bertso bat, eta baldin badakite dute holako gauza zail
bat edo. Lehenengo kontaktua kantuaren bidez izatea nik uste komeni dela. Kantuaren bidez
konturatu daitezke beraiek zenbat bertso ezagutzen dituzten. Ohikoa da galdetzea, bueno,
zenbat bertso ezagutzen dituzu? Guk ez dakigu bertsorik, ta gero ohartzen dira ttikitan kantatu

15
http://www.bertsozale.com/eu/gu-ere-bertsotan
dituzten kantu pila bat bertsoak dirala, ohartzen dira kantu horiek neurri bat dutela, ohartzen
dira kantu horiek errima bat dutela, ohartzen dira azkenean bertsoaren bi zutabeak diren
neurria eta errima beraien eguneroko bizitzan erabili ditzazketen gauzak direla eta kantuak
memorian guzti hori freskatzen laguntzen die eta gero hasten gara normalean oinarrizko
kontzeptuekin. (Ter/13/IX)

Baina hori guztia bete dadin, ahozko hizkuntzaren ulermena eta (geroago) ahozko
hizkuntzaren ekoizpena azpimarratu behar dira, noski. Ahozko hizkuntzaren ulermena lantzeko
aukera kantuak ematen du, irakasleak haien aurrean abesten duelako edo irakasleak ikus-entzunezko
formatuan eredu batzuk eskaintzen dizkielako haiekin lanean hasteko. Ikasleek entzundako testua
oso-osorik eta hitzez hitz ulertu ez arren, inferitu edo ondorioztatu egiten dute bertsoaren edo
bertsoen esanahia. Hori jada lanketa bat da, ez alferrikakoa, gainera, kultura tradizioetan eta jarduera
komunikatibo baten txertatzen laguntzen ahal diona. Esate baterako, ikasmaterialetan duten Lazkao
Txikiren ispiluaren bertsoaldia entzutean ikasle euskaldunen artean izango dira batzuk
bertsoaldiaren hitz edo esamolde batzuk hasiera batean ulertzen ez dituztenak, baina bertsoaldiaren
egoera ezagututa, bertsolariak egiten dituen keinuak ikusita, duen munduaren ezagutza (oraindik
garatu gabea) kontuan hartuta, ahozko berbaldiaren esanahi ulertu egingo du, bai eta bertsolariak
sortutako fikzio-planoen jokoa ere.
Ahozko hizkuntzaren ekoizpena dator gero, taldean edo bakarka burutzen dena, hasiera-
hasieratik ahalbidetzen dena arestian aipatutako metodologia parte-hartzaile horri esker. Horregatik
programa hau aukera paregabea da ahozko hizkuntzaren ekoizpenari esparru bat emateko, praktika
baita askotan Lehen Hezkuntzan hizkuntza ikasteko haurrek behar dutena:

Hizkuntzaren barne-arauak menderatzea eta automatizatzea, eta horrekin batera hizketan
sartzen diren alderdi estrategiko eta planifikaziozko guztiak egoki kudeatzea, zeregin
konplexua da, eta behar bezala garatzeak denbora eta praktika eskatzen ditu; izan ere,
irakurtzen irakurriz eta idazten idatziz ikasten den bezala, hitz egiten ikasteko sarri hitz egin
behar da.
16


Azpimarratu egiten da, behin baino gehiagotan, metodologia talde bakoitzaren arabera
moldatzen dela. Zonalde urbanoetan, adibidez, bertso-rapa edo hip-hopa lantzen da, Xabier Terreros
bertsolari eta irakasleak azaldu digunez. Ikasleentzat motibagarria da, gertukoagoa. Izan ere, duela

16
RUIZ BIKANDI 2009:167.
urte gutxi batzuk zenbait bertsolariren artean, bertsolaritzak eta rapak konpartitzen dituzten
ezaugarrietan oinarrituta, genero bien uztarketa landu eta zenbait saiotan agertu izan dute. Nafarroan
horretan gehien nabarmendu denetako bat Xabier Silveira izan da. Hara Xabier Terrerosen
testigantza:
Material egokia eta osatua da, bao askotan talde bakoitzaren beharretara egokitzea
garrantzitsua izan ohi da, detektatu talde bakoitza zertan dagoen gustora, zertan ez. Errate
baterako, hemen Iruerriaz ari garela, ba Hip-hopa edo rapa lantzeko unitaterik ez dago hor.
Nik adibidez Iruerriko talde guztiekin edo ia-ia guztiekin lantzen dudan zerbait da. Zergatik?
Iduritzen zitzaidalako beraien interesekoa izan zitekeela. Orain hiru urte probatu nuen lehen
aldiz hiru talderekin ta ikusi nuen eremu urbano honetan asko engantxatzen zirela, ta azkenean
guk gure curriculuma dugu, gure materiala dugu, baio guk askatasuna dugu. (Ter/13/IX)

Beste zonalde herrikoiagoetan edo erruraletan, berriz, haurrek eurek nahiago dute forma edo
molde tradizionalagoak bertsolaritza lantzeko tenorean. Estitxu Arozenaren testigantza adierazgarria
da zentzu honetan:
Nik behintzat Labaienen Negu Gorriaken bertso-hopa jarri, pixka bat motibagarria izateko eta
hori, eta beste gela batzuetan arrakasta izugarria zuena, Iruerrian eta batez ere, zergatik
paratu duzu porkeria hau?, [] aldiz hemen (Iruerrian) hori da eredu motibagarria. Nik uste
dut gauza hauek taldera egokitu behar direla. (Aro/13/IX)
Aldiz, herri jakin batean oso ezaguna baldin bada abesti bat edo bertso bat gai bati edo
pertsonaia bati eskainia bertso hori berori hartzen bat batzuetan eredu bezala, adibidez, koplak
sortzeko eta kopla-sorta bat osatuta horixe izan daiteke eredu bat beste talde batean erakusteko:

Narbarteko eskolan sortu baldin badugu Patxi errementari kopla txikitan, gero Ama begira
zazu kantatu gabe Patxi errementari kopla horiek hurrengo taldean erabiltzen ditut nahiko
hasieran, ze batzuetan eredu hori ez da oso erakargarria; izan ere, Ama begira zazu da
lehendabizi ematen dena, eta jatorrizko bertsioan hitz batzuk ez zituzten ulertzen haurrek eta
ordun egokia al da eredu hori erabiltzean lehendabiziko? Behar duzu eredu interesgarria edo
motibagarria izatea. (Aro/13/IX)

Patxi Errementari aipatzen du Bortzirietan irakasle dabilen Estitxu Arozena irakasleak eta hain
zuzen, H1 euskara duten haurrek Patxi Errementariren ipuin edo mitoaren
17
inguruan antzezpen bat

17
http://www.amaroa.com/elezaharrak/patxi-errementari-gaizto-eta-bihurri
prestatu zuten, koplaka eta abestuz antzeztu ere
18
. Haur Hezkuntzako haur txikien aurrean aurkeztu
zuten, bertsoa eta antzezpena uztartzen ahal direla erakutsiz. Lehen Hezkuntzako azken zikloko
haurrak protagonistak dira antzezpen horretan eta berbaldi osoa bertsoz egiteko kapaz izan dira,
memoria, gorputz-adierazpidea, jendaurrekotasuna, kantua eta partaideen arteko koordinazioa
landuz.
Horrek guztiak, noski, saioak motibagarriak izaten laguntzen du eta hori da Gu ere bertsotan
delako programaren helburuetako bat. Haurra konturatzea bertsoa hitzen eta lenguaiaren jolasa dela,
potentzialitate ludiko handia duena eta euskara, jakintzak lantzeko tresna izateaz gain, jolaserako,
ondo pasatzeko eta intereseko jarduerak burutzeko tresna ere izan daitekeela. J akina, Nafarroako
Bertzozale Elkarteak eskaintzen ditu gaztetxoentzako bertso-eskolak eta horrek izan daiteke Lehen
Hezkuntzako 1.500 ikasle horietako batzuentzat bertsolaritza lantzen jarraitzeko aukera, baina
bertsolaritza eskolan lantzen bada, batez ere euskara tresna izanik, sormena eta ludikotasuna
lantzea dute helburu irakasleek:

[] baina niri iduritzen zait bertsolaritza dela sormena eta sormena lantzea eta euskararekin
ongi pasatzea eta ikustea euskararekin zirikatu daitekeela, maitatu daitekeela, sentimenduak
adierazi daitezkeela, eta beraien sormen-lanekin, hobeak edo txarragoak izan, gustura egotea.
(Ter/13/IX)

2.b) behaketaren bidezko emaitzak, edota ebaluazioa
Bertsolaritzaren Curriculuma delako lanean ebaluazioa adierazle batzuekin egitea proposatzen
da. Baina adierazle horiek bertsolaritzak haurrengan sustatzen dituen arloekin, arestian
aipatutakoekin, lotzen dira; alegia, hizkuntza, kultura, musika, trebetasun pertsonal eta sozialekin
lotzen dira, hain zuzen. Arlo horiek elkarri eragiten diote, jakina. Adibidez, musika arloan izandako
aurrerakuntza batek izan dezake ondorio onik haurraren zuzentasun gramatikalean edo zuzentasun
fonetikoan; bide batez, aurrerakuntza horrek izan dezake eragin onik haur horren segurtasunean
harreman pertsonal eta sozialetan, gizakia bat eta bakarra da eta arlo hauek gizakiarengan batzen
dira.
Hizkuntzari dagokionez, hainbat eta hainbat adierazle azaltzen dira curriculumean. Adibidez
haurrek bideo edo audio formatuan entzuten dutenean dagoeneko eredu bat eskaini zaie,
komunikatzeko balio duen bertso baten eredua. Bertsoak jasotzean honako hau izan daiteke
bertsolaritza irakasleak kontuan har dezakeen ebaluazio adierazle bat:

18
Hemen dago ikusgai: http://bertsoeskola.blogspot.com.es/2013/09/patxi-errementaria-narbarteko-eskolan.html

- Bertsoaren esanahi orokorraz jabetzea:
- Horietan adierazitako ideiak eta horien arteko loturak ulertuz.
- Bertsoetan agertzen diren baliabide estilistiko eta komunikatiboak interpretatuz: esanahi
bikoitza, esanahi umoretsua, etab.
19


Eta bertsolaritza irakasleak ere konturatzen dira bertsolaritza eskoletan delako programan
modu batez edo bestez, ikastaroak luzeak izan ez arren, haurrek hizkuntza lantzen dutela, sarritan
hizkuntza ereduekin ari direlako lanean haurrak:

Ereduekin funtzionatzen duen metodologia bat izanik, zenbat eta eredu geigo orduan eta
euskara aberatsagoa, ta nik uste dut emaitzak hor daudela. (Aro/13/IX)

J akina, lanketa hori, Nafarroaren kasuan emankorragoa izango baldin eta haur batzuek
jarraitzen badute bertsolaritza lantzen gaztetxoentzako bertso eskoletan, eskola araututik kanpoko
orduetan.
Baina argi dago, bestalde, bertsoekin jolastu hutsean hizkuntza lantzen dela, hizkuntza
ereduetatik ikasten dela, hiztegia, loturak eta sintaxia aktibatzen dela halabeharrez, bertsolaritza
irakasleek eurek aitortzen dutenez:

Bertsotan aritzeak zer erran nahi du? Sinonimoak bilatu behar dituzte, neurrian sartzen
ez delako, errimatu behar duelako esaldiari buelta bat eman behar diote, eta azkenean
hizkuntza prozedura pila bat erabiltzen ditu, bertzeak bertze, ze hor curriculumean jartzen du
ez dela bakarrikan hizkuntza, kultura, musika ta trebetasun sozialetan ere badagola
hobekuntza. Bio hizkuntza mailan nik uste dut baietz, badagola hobekuntza: semantikoki
aberatsak diren gauza pilo bat, ta egitura aldetik. (Aro/13/IX)

Behar-izan formalak behartuta, adibidez, haurrak hasten dira konturatzen sarritan erabiltzen ez
dituzten aditz trinkoak oso lagungarriak izaten ahal direla bertso jakin batzuk sortzeko, aditz
perifrastikoek silaba asko dituztelako. Gainera, erreparatzen diete, lehen ez bezala, zenbait aditz
trinkori, dotoreak eta eraginkorrak eurak, bertsolari prestigiotsuek darabiltzatenak. Eredu horiek
erabilgarriak suertatzen ahal zaizkie aurrerantzean:

19
HHEE 2008:69.

Gero aditz trinkoa hagitz zaila da erabiltzen erabilera normalean eta bertsotan aniztan errimak
dire erabili behar duzu ez zaizulako sartzen silabatan konposatua, ordun trinkoa ikasten
baduzu, erabileraren erabileraz edo entzutearekin, ez dakit zer bertso on bota duelako J on
Maiak ta aditz hau erabil du ta lehen ez nuen ezagutzen eta bertsoan nik erabiliko dut.
(Aro/13/IX)

Azkenik, irakasleek ikusten dute L1 bezala euskara dutenek ziurtasun handiagoa eta,
batzuetan, zaletasun handiagoa dutela bertsolaritza eskolan delako programan. Bertsoa ez zaie
arrotz egiten eta bertso-saioren batean parte hartu dute, gainera. Euskararekiko jarrera ere
abegikorragoa da eta eurentzat euskara ez da eskola-hizkuntza soilik, lotura afektibo handiagoa dute
eta horrek errazten du bertsolaritza bezalako jardueretan murgiltzea:

[] baio noski ama hizkuntza euskara dutenek hasteko hizkuntza ongi menperatzen dute eta
azken finean bertsotan egiteko tresna nagusia hizkuntza denez, hor abantaila nabarmen batekin
hasten dire. Hortaz gain gurasoak euskaldunak eta euskaltzaleak baldin baditu pixka bat, ez
beti baio askotan, bertsolaritza zer den dakite, bertso batzuk dakizkite, agian gerta daiteke
norbaitek noizbait bertso-saio bat ikusi izana hemen Iruan edo gurasoen herrian eta ezaguna
den zerbaitekin engantxatzea ba pixka bat errazagoa izan ohi da bertsoa zer den ez dakiten
hoiekin baino, ez? Gero normalean ere euskara maila on bat dutenek errazago menperatzen
dituzte oinarrizko teknikak eta oro har bertsotan programarekin engantxatzeko errazagoa izan
ohi da, baio denetarik dago. (Ter/13/IX)

Herri euskaldunetan, gainera, gertatzen da bertsolaritza eskolan lantzen hasten direnerako
dagoeneko haur batzuk eskola araututik kanpoko herriko bertso-eskolan hasiak direla eta, beraz,
ikastetxean lantzen dutena ez zaiela esanguratsua egiten, dagoeneko oso menperatuta dutelako edota
oinarrizko kontzeptuak ezagutzen dituztelako. Ume horiek probetxu gehiago ateratzen diote bertso-
eskolari, bertsolaritza eskolan delako programari baino.

3.c) ondorioak
Gu ere bertsotan delako programa, irakasleekiko elkarrizketetan ikusi ahal izan dugunagatik
eta ikasmaterialetan aztertu izan dugunagatik, ondorioztatzen dut oso programa motibagarria izan
daitekeela Lehen Hezkuntzako haurrendako. Hizkuntzaren jabekuntza 15 saioko programa batean
ahalbidetu egiten da honako arrazoiengatik:
- Bertsolaritza lantzeko saioetan hizkuntza da tresnarik garrantzitsuena eta, de facto, erabili
egiten da, bai ereduak jaso, ulertu eta dastatzeko, bai taldean zein bakarka sormena
(hizkuntzaren bitartez betiere) bertso, kopla, abesti eta rapeoan gauzatzeko tenorean.
- Musika eta kultura arloetan haurrek (sarritan inkontzienteki) egiten duten lanketa
motibagarria da baita ere hizkuntzaren jabekuntza eta bertan trebeziak hobetzen joateko.
- Trebetasun pertsonal eta sozialetan aitzina joateko aukera ere biziki motibagarria da
haurrendako euskara, eskola-hizkuntza izateaz gain, norberaren aberastasun pertsonalerako
giltza izan daitekeela jakiteko, besteak beste, jendaurrekotasunak haurrari ematen diolako
autoestimu handiagoa, horrela beste ikaskideekin duen elkar eragiketa emankorragoa izan
dadin.
Ondoriozta dezakegu, bestalde, 15 saioko ikastaro batean zaila dela neurtzea zenbateraino
aurrerakuntza gertatzen den haurrek dituzten hizkuntza-trebezietan, bost hilabetetan zehar zenbait
astetan (ez guztietan) ordu bateko saioa ez baita denbora-tarte zabala hizkuntza-ereduekiko
harremana eta hizkuntza-jarduera garatzeko. Nolabaiteko aurrerakuntza izan dela estimatzen dute
irakasleek, baina batez ere hizkuntzarekiko jarrera eta motibazioa aldatzen direla konstatatzen dute
eta hori lorpentzat ematen dute; izan ere, jarrera-aldaketa hori euskara L2 bezala duten haurrengan
gertatzen da eta baita L1 dutenengan ere, guztiek baitute arriskua euskara eskola-hizkuntzatzat
(soilik) hartzeko eta bertsolaritza eskolan delako programak arrisku hori gainditzen laguntzen du.
Bestalde, interesgarria litzateke bertsolaritzaren lanketak gaztetxoendako bertso-eskoletan zer
nolako jarraipena duen ikustea. Batez ere bertsozaletasuna eskola arautuan piztu zaien haurrengan da
interesgarria geroagoko bertso-eskolak duen eragina aztertzea. Oraindik egin gabeko azterketa da eta
agian ikerketa honen hurrengo pausoa izan daiteke. Horretarako tresneria edo dispositibo egoki bat
prestatzea litzateke interesgarria, hizkuntzaren jabekuntza zehatzago neurtu ahal izateko.

Bibliografia
ALDANA, Pedro Mari (2000): Garriko bertso-eskola (1959/1960). Bilbao, Bizkaiko Bertsolari
Elkartea.
CASALS, Albert (2009): La can amb text improvisat: disseny i experimentaci d'una proposta
didctica per a Primria. Departament de Didctica de l'Expressi Musical, Plstica i Corporal de la
UAB
20
.
EIZAGIRRE, Ixiar (et al.) (2010): Gu ere bertsotan 1. Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, Lanku
Bertso Zerbitzuak S.L., Oiartzun.

20
http://www.tdx.cat/TDX-0324110-114328
GARZIA, J oxerra (et al.) (2001): Bat-bateko bertsolaritza. Gakoak eta azterbideak. Bertsozale
elkartea, Bertsolari liburuak, Donostia.
HHEE
21
(2008): Bertsolaritzaren Curriculuma. Lehen hezkuntza. Lanku.
RUIZ BIKANDI, Uri (2009): Ahozko ulermena eta adierazmena in RUIZ BIKANDI (ed.):
Bigarren hizkuntzaren didaktika Haur eta Lehen Hezkuntzan. Euskal Herriko Unibertsitatea,
Argitalpen Zerbitzua, Bilbao, 157-177.


Elkarrizketak
(Aro/13/IX) Estitxu Arozena, 2013ko iraila
(Te/13/IX) Xabier Terreros, 2013ko iraila
(Arbu/13/IX) Lorea Arburua, 2013ko iraila











21
Karlos Aizpurua, Amaia Altube, Estitxu Arozena, Iaki Aurrekoetxea, Itziar Eizagirre, Arkaitz Estiballes, Iaki
Gurrutxaga, Joxin Iturrioz, J osun Landeta, Joxema Leitza, Etxahun Lekue, Irati Lotina, Unai Ormaetxea, Oihane Perea,
Kattalin Salaberri, Aitor Sarasua, Nerea Urrua, Josune Zabala.
ISBN: 978-84-936159-9-4

Você também pode gostar