Você está na página 1de 7

Sarrera

Itziar Alonso-Arbiol

Eredu familiarren aniztasunak, laguntza bidezko ugalketa-teknika berriek, na-


zioarteko adopzioen kopuruaren igoerak, pertsona homosexualen errekonozimendu
sozialak eta bikote homosexualak ezkutatuta ez egoteak, besteak beste, herrialde
frankotan familia eta gurasotasunaren kontzeptuak berridaztera eraman gaituzte.
Zenbait gobernuk errealitate berri honetara egokitu beharreko arauak zein legeak
aldatzeko aurrea hartu dute. Beste batzuek, berriz, beraien legerietan ez dute
aldaketarik ezarri; egon ere badaude beste herrialde batzuk esperientziari begira
gelditzen direnak; eta beste kasu batzuetan, praktika berri hauek zigortu dituztenak
ere baditugu.
Zalantzarik gabe, azkenaldian guraso izateko patroiak asko aldatu dira gure
herrian, eta asko aipatzen diren bi elementu dira, besteak beste, lehen umea izateko
adinaren igoera eta jaiotza-tasaren jaitsiera nabarmena. Euskal Herrikoa, esate
baterako, inguruko estatuena baino askoz ere txikiagoa da: 8,5 jaiotza 1.000
biztanle bakoitzeko EAEn, Espainian 10,1; Holandan 12,6; Frantzian 13,0; eta
Irlandan 15,1.
Horregatik guztiagatik, familiekin lan efikaza egin ahal izateko, eta bere es-
parrua edozein izanik, profesionalak familiaren berezko ezaugarriak ezagutu behar
ditu, batik bat azkenaldian izan diren aldaketak. Mende honen hasieran badira 3
mugarri nagusi familiaren ikuspegia modu argian aldatzera eramaten dutenak.
Mugarri horiek familiekin lan egiten duten profesionalentzako erronka berriak
ekartzen dituzte, aintzakotzat hartu beharrekoak hurrengo urteetako jardunean:
1. EAEko familien egungo osaketari buruzko datu berriak. EUSTAT-Euskal
Estatistika Erakundeak iazko udaberrian ezagutzera eman zituen gaur egun
EAEn dauden familiei buruzko datuak (2001ean lortuak izan zirenak). Datu
garrantzizkoen artean, ondokoak aipa daitezke:
a. Familien % 20,3 kide bakar batez osatuta dago, alegia, bakarrik bizi
diren pertsona ezkongabeez;
b. % 18,5 haurrik gabeko familiak dira;
c. % 11,8 familia monoparentalak dira;
8 Amatasuna eta Aitatasuna. Proposamen berriak

d. eta egungo euskal familien erdia baino gutxiago (% 44,4) sar dezakegu
familia tradizionalaren ereduaren barruan.
2. Gurasoen korrespontsabilitatea suspertzen duten lan-neurriak eta neurri
legalak. Iparraldeko Europako herrien ereduak (besteak beste, Suedia,
Danimarka, Norvegia eta Islandia) imitatuz, EAEn haurraren zainketan
aitaren inplikazioa handitzera bideratzen diren lan-neurriak eta neurri
legalak hartu berri dira. Neurri berdintzaileak eskatu dituzten aiten kopuru
totala oraindik oso baxua bada ere, lan-uztea eta lan-murrizketa aitatasuna-
gatik hartzen duten gizonen kopurua etorkizunean handitzea espero da.
Bide honek, azken 15-20 urteetan izan den emakumezkoen lan-mundurako
murgiltze areagotuari lotua, rolen banaketa tradizionala —batik bat haurren
zainketan— pixkanaka desagertzea ekarriko du.
3. Sexu bereko pertsonentzako ezkontza-lege berria. Espainiar Estatuan
onartu berri den lege polemikoak sexu bereko bi pertsonen arteko ezkontza
baimentzen eta arautzen du. Lege honek orain arte onartzen ez zen familia-
lotura berri bati ematen dio zilegitasuna, eta aldi berean, orain arte bikote
heterosexualei soilik onartzen zitzaizkien zenbait eskubide ere onartzen
zaizkie, besteak beste adopziorako aukera.
Familiekin lan egiten duten profesionalentzako ondorioak eratortzen dira datu
hauetatik. Alde batetik, bakarrik bizi diren pertsona ezkongabeen populazio handia
dago, hala nola antzeko rola duten familia nahikotxoak. Inolako zalantzarik gabe,
horrek familia-sistemaren hautematean berebiziko aldaketak sortuko ditu, hala nola
familiarekin erabili beharreko estrategia terapeutiko zein jarduera hezigarrietan.
Beste alde batetik, homosexualen ezkontzaren lege berria dela eta, profesio-
nalok ezin dugu ahaztu adopzioaren inguruko eztabaida areagotu dela gizartean
familia-eredu berriak azalaraztean, eta zentzu horretan eztabaidarako irizpide
profesionalak eta zientifikoak gizartera ondo iristen direla ziurtatu behar dugu.
Horrela izan behar du, ez soilik eskubideak bermatu behar direlako, baizik eta haur
adoptatuaren ongizaterako beharrezko pausoak ere eman behar direlako, guraso
oso egokiak izan daitezkeen hautagaiak ez baztertzeko ahaleginak egin behar dire-
lako.
Zentzu horretan, eta ikuspuntu zientifiko eta zorrotzetik, lan honetan gaur
egun euskal gizartean bizikide diren familien eredu plural eta berrien ezaugarriak
aurkezten dira Udako Euskal Unibertsitateko eta Euskal Herriko Unibertsitateko
irakasle eta ikertzaileen eskutik. Liburu honetan jorratutako edukiak EHUko
zenbait titulaziotako ikasgaietan landu ahal izango dira: Psikologiako Familiaren
Psikologian, Lan Harremanetako eta Enpresa Zientzietako Lan Zuzenbidean, eta
Zuzenbideko Lan eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbidean.
Sarrera 9

Liburu monografiko honetan, gurasotasunaren inguruko ekarpen berriak bildu


ditugu hiru ardatzen arabera. Horrela, lehenengo 4 kapituluak berdintasuneko
ikuspegi batean kokatzen dira, non emakumeak zein gizonak gurasotasunaren
ardura neurri berean hartzeko araudia eta planteamendu antropologikoak aztertzen
diren, eta azken boladan eztabaidagarria izan den familia homoparentalen auzia ere
jorratzen den.
Bigarren ataleko 6 kapituluetan, 5.etik 10.era, gurasoa izateak dakartzan
erronkak analizatuko dira. Zalantzarik gabe, erronka horietako batzuk nahiko
berriak dira —ama ez izateko planteamenduaren ondorioak, banandutako gurasoen
haurrak, adopziora jotzeko motibazioak eta igurikimenak, eta antzutasuna eta
teknologia berriak—; aldiz, beste batzuk lehendik egon diren arren, orain arte ez
zaie behar bezalako arreta eskaini — familiaren aldaketa lehenengo haurrarekin eta
neba-arreben arteko jelosia eta harremanak—.
Azkenik, 11. kapitulutik aurrera dauden bost kapituluetan, zaintza berezia
eskatzen duten haurren kasuak agertzen dira, hala nola, adoptatuak, tenperamentu
zailekoak edo supergaituak diren haurrak, baita ezgaitasunen bat edo hiperaktibi-
tatea dutenak ere. Atal hauetako kapituluetan gurasoentzako edo hezitzaileentzako
gida praktiko zehatzak eskaintzeko ahalegin berezia egin da.
Zehatzago, kapitulu bakoitzaren deskribapen laburra aurkezten dugu ondo-
rengo lerroetan.
1. kapitulua: AMA ETA AITA IZATEA: BERDINTASUNERAKO
ARAUDIA
Autoreak eskaintzen digu hemen Lan Zuzenbidean amatasuna (eta aitatasuna)
eta lana bateragarri egiteko dauden neurrien laburpena eta iruzkina. Horrela, lan-
postuak haurdunaren osasunean ondorio kaltegarriak dituenean, dauden aukerak
azaltzen dira, hala nola, haurrak edoskitzeko eta ospitalean dauden seme-alabak
zaintzeko baimenak, lanaldi-murrizketa, seme-alabak zaintzeko lanaldi-murrizketa,
eta borondatezko eszedentzia seme-alabak zaintzeko. Amaren lan-egoera berma-
tzeaz gain, aita gurasotasunean inplikatzeko dauden neurri zehatzak ere agertzen
dira bertan.
2. kapitulua: AMATASUNA: EZTABAIDA ANTROPOLOGIKOAK
ETA FEMINISTAK
Autoreak ikuspegi bikoitz batetik ekiten dio amatasunaren gaiari, ikuspegi
feministatik eta antropologikotik. Mendebaldean XX. mendeko azken hamarkadan
izan den amatasunaren ideologia atzerakoiaren gorakada nabarmentzen du, eta
aztertzen den amatasunaren ideologia naturalizatzailea, etnozentrikoa, erru-
sortzailea eta antifeminista dela dio. Horrela, amatasunak naturarekin duen lotura
nabarmendu da bereziki, eta emakume talde gutxi batzuk ere oso aktibo jarri dira
10 Amatasuna eta Aitatasuna. Proposamen berriak

lanean amatasuna eta haurtzaroa “humanizatzearen” alde (edoskitzea eta amaren


hurbiltasunaren beharra aldarrikatuz). Baina umeen garapen egokirako amaren eta
seme-alaben arteko lotura emozionala ezinbesteko bihurtzean, amei betebehar
zehatz batzuk egozten zaizkie, aiten garrantzia beti bigarren maila batean utziz.
3. kapitulua: FAMILIA-ZUZENBIDEAREN ERREFORMAK
BERDINTASUNAREN IKUSPEGITIK
Kapitulu honetan, familia erregulatzen duten arau zibilak aztertzen dira, hau
da, ezkontza, filiazioa, mantenua, dibortzioa, banaketa, seme-alaben zaintza eta
adopzioa jorratzen dira; familiaren araudi zibilari ohikoa ez den ikuspuntu jakin
batetik helduko diogu: berdintasunaren ikuspegitik.
4. kapitulua: BIKOTE HOMOSEXUALAK ETA AMATASUNA/
AITATASUNA
Estatu Espainiarrean, berriki, bikote homosexualei buruzko lege berri bat
indarrean jarri da, eta horrek sektore tradizionalenetan (eliza eta alderdi politiko
kontserbadoreetan, batik bat) izugarrizko eztabaida piztu du, batez ere, homo-
sexualitatea eta matrimonio edo familia kontzeptuak bateragarriak ez direlako.
Argudio horien aurka, gero eta bikote homosexual gehiagok defendatzen dute
adoptatzeko eskubidea, familia bat osatu nahian. Eztabaida horren berri ematen da
kapitulu honetan, eta eremu legaletik, erlijiosotik eta psikologikotik aztertuko dira
ezkontza homosexual eta adopzioen alde eta aurka emandako argudioak.
5. kapitulua: HAURRA EDUKI ALA EZ: UGALKETAREN
INGURUKO PLANTEAMENDUAK, DESIRAK ETA KONTRAESANAK
Kapitulu honetan guraso izatearen erabakiaz eta erabaki horretan joka deza-
keten zenbait elementuz dihardugu. Gure gizartean jaiotza-tasa baxuak nolabaiteko
kezka sortu du, hemengo emakumezkoen ugalkortasun-tasak urteetan munduko
baxuenen artean baitaude. Jokabide horren zergatiak aurkitzen saiatzean, autoreak
erreparatzen die umeak edukitzeko erabakian jokatzen duten zenbait elementuri,
hala nola ugalketa-aukeraren ideologiari, guraso izateko desirari, amatasun
intentsiboaren ereduari eta umeak edukitzeko baldintza egokien balorazioari. Testu
honetan bi ideiarekin apurtu nahi da: umeak edukitzea naturaltzat jotzen duen
ideiarekin, eta gurasotasuna altruismoarekin eta ugalketari uko egitea norbere-
keriarekin lotzen dituen ideiarekin.
Sarrera 11

6. kapitulua: FAMILIAREN ALDAKETAK LEHENENGO HAURRA


JAIOTZEAN
Lehenengo haurraren jaiotzak familiari zer dakarkion aztertzen da kapitulu
honetan. Ordura arte bikote-planak eta bikote-dinamika zituzten bi pertsonek
erabateko aldaketa biziko dute egunerokotasunean; egoera berri horri nola
egokitzen diren, zenbait faktoreren menpe egongo da. Ikuspegi ekologiko-
sistemiko batetik analizatzen da trantsizio hau, eta maila desberdinetako arrisku-
faktoreak eta baliabideak kontuan hartu beharko dira: haurraren ezaugarriak,
bikotekide bakoitzaren nortasunaren ezaugarriak, bikoteko dinamikak, aitona-
amonen eta bestelako gizarte-sareen garrantzia, rol berrietarako banaketa, eta bi
kideen lan-egoera, besteak beste.
7. kapitulua: BANANDUTAKO GURASOEN HAURRAK: GARAPEN
PSIKOLOGIKORAKO INPLIKAZIOAK ETA JARRAIBIDE
HEZITZAILEAK ETA PREBENTIBOAK
Kapitulu honetan aurkezten dira dibortzioak edo bikotearen hausturak adin
ezberdinetako haurrengan —lehen haurtzaroan, bigarren haurtzaroan eta nera-
bezaroan— dituen eraginak edo inplikazioak. Horrez gainera, banantzea haurrei
jakinarazten zaien unean zein banandu ostean aplikatzeko jarraibide hezitzaile eta
irizpide prebentiboak aurkeztuko ditugu.
8. kapitulua: NEBA-ARREBEN ARTEKO HARREMANAK:
GARAPEN PSIKOLOGIKOAN DUTEN ERAGINA ETA HEZKUNTZA-
BALAIBIDEAK FAMILIAN
Neba-arreben arteko harremanaren ezaugarriak eta neba-arreben arteko ezber-
dintasunak jorratzen dira kapitulu honetan. Neba-arreben arteko elkarrekintzek
garapen psikologikoan duten eraginaren inguruko datu esanguratsuenak azaldu
ondoren, heziketa-irizpide batzuk eskaintzen dituzte autoreek elkarrekintzak
hezkuntza-baliabide gisa erabili ahal izateko eta garapena bultzatzeko. Irizpideok
gurasoentzat eta arazoak dituzten familien eskakizunei erantzun behar dieten
orientatzaileentzat erabilgarriak suerta daitezke.
9. kapitulua: ADOPZIOA: GURASO IZATEKO MODU HONEN
ERRONKAK
Adopzioa hazkuntza ikusgarria izan duen guraso izateko modua da, eta guraso
izateko bide honek azken bi hamarkadetan aldaketa garrantzitsuak izan ditu. Adop-
zio-prozesuari loturiko erronka nagusiak lantzen dira hemen, hiru funtsezko aldi
edo mementotan zentraturik: haurra adoptatzeko erabakiaren aurreko mementoa
—adoptatzeko motibazio eta igurikimenak analizatuz—, erabakia hartu ondorengoa
—ebaluazio psikosozialaz eta itxaronaldiaz gurasoek duten bizipena aztertuz—,
eta haurrarekin topo egiten den unekoa.
12 Amatasuna eta Aitatasuna. Proposamen berriak

10. kapitulua: TEKNOLOGIA BERRIEN ERAGINA


AMATASUNETAN ETA AITATASUNETAN
Antzuak diren pertsonei guraso izateko aukera ematen dieten lagundutako
giza ugaltze-tekniken deskribapena egiten da kapitulu honetan, teknika horiei
loturiko egungo araudia ere azaltzen dela. Teknika horietara jo aurretik eta
prozesuak dirauen bitartean, etorkizuneko gurasoek dituzten bizipen psikologikoez
ere dihardute autoreek, hala nola kasu hauetan eskain daitekeen laguntza
psikologikoaren ezaugarriez.
11. kapitulua: HEZIKETA ERRONKEN IKUSPEGI EKOSISTEMIKOA:
BEHAR BEREZIDUN HAURREN ADOPZIOA
Adopzioari buruzko bigarren kapitulu hau, haur adoptiboarekin bizikidetza
hasten den garaian zentratzen da, eta, garapenaren ikuspegi ekosistemikotik,
haurren heziketaren berezitasunetan jartzen da arreta berezia. Ikuspuntu hau
adoptaturiko haurren garapenari aplikatzen zaionean, haurra etxera etorritakoan eta
bizikidetza hastean sortzen diren erronka nagusiak bultzatzen dituzten faktore edo
sistemak ezagutu ahal dira. Horrela, kapitulu honetan maila sistemiko bakoitzari
dagozkion erronka nagusiei helduko diete autoreek, haurraren figuran zentratuz,
eta bereziki, behar bereziak dituzten haurrengan. Halaber, haur horien heziketak
dituen berezitasunek dakartzaten erronkei aurre egiteko gomendioak emango
dituzte adopzioko gurasoei zuzenduta.
12. kapitulua: TENPERAMENTU ZAILEKO HAURRAK:
KONTZEPTUA, EZAUGARRIAK ETA ESKU-HARTZEA
Kapitulu honetan, lehenik eta behin, haur-tenperamentuaren ikuspuntu
nagusiak azaltzen dira, tenperamentuaren definizioaren hurbilketa batera iristeko;
ondoren, “haur zailak” deritzen haurren dimentsio tenperamentalak deskribatzen
dira, eta, azkenik, horrelako haurrekin elkarrekintza osasuntsuago eta atseginga-
rriagoak ezartzean emaitza baikorra lortu duten esku-hartze jarraibide batzuk
ematen zaizkie guraso eta irakasleei.
13. kapitulua: EZGAITASUNA DUTEN HAURRAK: AMATASUNA
ETA AITATASUNAREKIKO IGURIKIMENAK BERRERAIKI BEHARRA
Gurasoen igurikimen guztiak desegiten dira haien haurrei ezgaitasun bat
diagnostikatzen zaien unean. Horregatik, erabakigarria da lehenengo mementoan
jasotzen duten informazioa, informazio hori nola aurkezten zaien eta ematen zaien
laguntza, igurikimen horiek miatzeko, antolatzeko eta berrikusteko. Kapituluan
ezgaitasuna duten haurren gurasoen bizipenak aztertzen dira: egoerari aurre egi-
teko erabiltzen dituzten estrategiak, eta beraien igurikimenak, eredu psikosozialetik
analizatuta. Autoreak azpimarratzen du gurasoek diagnostikoari eta pronostikoari
buruzko informazioa jasotzearen beharra, haurraren medikuarekin, psikologoarekin
Sarrera 13

eta inplikaturiko gainerako profesionalekin hitz eginda, eta ez soilik diagnostikoa


emateko unean, baita geroko hilabete eta urteetan ere, informazio, aholku eta
laguntza jasotzen jarraitzeko. Informazio goiztiarraren garrantzia, eta amatasun eta
aitatasunarekiko igurikimenak berreraiki beharra.
14. kapitulua: FAMILIA ETA HAUR SUPERGAITUAK
Kapitulu honetan, supergaitasunaren garapenean eragin dezaketen testuinguru
familiarreko aldagai garrantzitsuak aztertuko ditugu ikuspuntu teoriko batetik,
horretarako eginiko ikerketen errebisioa egingo dugula. Horrekin batera, ikuspuntu
enpirikotik, Bizkaian zentro publiko eta pribatuetako 530 haurreko lagin batekin
buruturiko ikerketa baten emaitzak aurkeztuko ditugu. Bertan talentu aparteko
haurrak identifikatzeko, Renzulli-ren ereduari jarraituz, erabilitako prozeduren
emaitzak azalduko dira, hala nola zeintzuk izan diren gaitasun horien garapenerako
testuinguruko aldagai garrantzitsuenak.
15. kapitulua: ARRETA-GABEZIA ETA HIPERAKTIBITATEA
NAHASTEAREN TRATAMENDUA: GURASO ETA IRAKASLEEN ESKU-
HARTZEA
Arreta Gabezia eta Hiperaktibitatea Nahastearen deskribapena egiten da
lehenik kapituluan, horrekin batera haurtzaroan zein nerabezaroan lotzen diren
beste arazoak ere garatuz. Nahastearen ibilbide klinikoa jorratu ondoren, zenbait
tratamendu-programa deskribatzen dira (tratamendu biokimikoa, portaeran esku
hartzea eta esku-hartze kognitiboko programa, tratamendu konbinatua eta trata-
mendu kognitibo-konduktuala), udako tratamendu-programa eta nerabeen trata-
mendu bereziak ere aztertzen direla. Azkenik, gurasoentzat bereziki lagungarriak
diren orientaziorako eta tratamendurako bi programa —Barkley-rena eta
McMahon eta Forehand-ena— eskaintzen dira.

Você também pode gostar